|
Lagun
onaren begirada
Jorge
Luis Borges idazle argentinarrak esan zuen:
liburua zoriontasun forma bat da. Eta zoriontasuna berez
etortzen da, ez zaio trabarik jarri behar. Horrexegatik,
liburu on guztiak erraz irakurtzen dira. Horixe zion Borgesek.
Gauza bera esan dezakegu Mikel Urdangarini
buruz. Mikeli kantuak berez sortzen zaizkiola ematen
du, ez diola trabarik jartzen barrutik darion musikari.
Erraz entzuten dira haren kantak, nahiz eta konposizio lan
handia egon atzean.
Eta ustezko erraztasun horrekin eman zituen argitara hasierako
bi diskoak, "Haitzetan" eta "Badira
hiru aste". Bi lan horietan dauden kanta batzuk
jendeak oraindik ahapetik kantatzen ditu, askotan jakin
gabe Mikel Urdangarinek sortutakoak direla,
herrikoiak balira bezala kantak, beti-betikoak. Izan ere,
ez dago ezer ederragorik kanta batentzat herritartzea baino.
"Espilue" lanarekin entzulegoa handitu
zuen nabarmen. Diskoak indar handia du zalantzarik gabe.
Gomutan dut Arriaga Antzokian eman zuten aurkezpen kontzertura
joan nintzela eta antzokitik bizipoz handiarekin atera nintzela.
Eta susmoa hartu nion bazetorrela euskal kantagintzara olatu
berri bat, gauzak egiteko era berri bat. "Bar Puerto"
proposamena ausarta izan zen oso, "Espilue"
lanak izan zuen itzalaren atzetik. Disko berritzailea, eta
adierazgarri, Mikelek ez duela maite gauza bera bi
aldiz egitea, bide bera birritan igarotzea. "Heldu
artean", ostera, proposamen urbanoagoa da, gauekoa
eta epela. Baditu doinu alaiak ere, popetik hurren daudenak,
"Oihana" edo "Negua",
esate baterako.
2003ko martxoan Mikel Urdangarin bera, Rafa
Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel
Valverde eta bostok New Yorkera egin genuen bidaiak
egitasmo berri bat jarri zuen abian, "Zaharregia,
txikiegia agian" CD-liburua. Kantak eta poema irakurriak
daude bertan. Gogoan dut Mikelek garai hartan esaten
zuena: jendeak diskoa dena segidan entzun behar du, jakingo
ez balu bezala noiz datorren kanta eta noiz poema. Eta entzun
dezala osorik behin eta berriz, ohiko disko bat balitz bezala.
Asmoa zen entzuleak poesia entzun zezan naturaltasun osoz,
poesia publiko zabalago batera helaraztea. Egitasmoak atzea
ekarri zuen, eta Arkaitz Basterra zinegileak
dokumentala aurkeztu zuen 2006ko Donostiako Zinemaldian
taldearen estetikan oinarrituta.
Honen guztiaren ondotik etorri zen "Dana",
orain arteko azkena, sonoritate berri bat zuena helburu,
atmosfera zabalak sortzea.
Mikelen begirada lagun batena da. "Anek idatzi
dit zutaz" diskoak sentsazio hori areagotu baino
ez dit egin. Eta lagun onaren begiradarekin behatzen dio
Sebastian esne-saltzaileari, eta kezkatuta kontatzen
du nola haren behiek ez duten esnerik larreak lehortu direlako.
Eta lagun onaren begiradarekin egiten dio so panderoaren
gizonari. Eta esaten digu nola erosi duen gizonak pandero
berria Vigon eta harro erakusten dien Olaztiko baserritar
zaharrei. Eta lagun onaren begiradarekin azaltzen dizkigu
Mekoleta izeneko auzo txiki bateko jaiak, jai txikiak izan
ere, egunsentian orroka hasiko diren igelak bezain txiki.
Eta lagun on baten moduan oroituko da Norvegiara joandako
lagunaz, nola bizitzak aurrera egiten duen eta aldentzen
gaituen maite dugun pertsonengatik; eta gogoratu egingo
da garai batean hurrean izan zuela pertsona hura, su hartatik
bezain hurre, bekainak erre zitzaizkionean eta San Juan
gau batean.
Mikel bakean dagoela ematen du bere buruarekin, eta
lasaitu egiten gaitu. Denok nahi dugu izan horrelako lagun
bat gure alboan, gure kezkak eta beldurrak baretzen laguntzen
digulako. Salbu sentitzen gara haren ondoan. "Beldurrik
ez, inbidiarik ez, gorrotorik ez" idatzi zuen Bob
Dylanek. Horixe zuen lema bizitzan aurrera egiteko.
Mikelek ere antzeko bideari eutsi diola deritzot.
Eta dagoeneko bidea emaitza ederrak ematen ari da, gero
eta ederragoak, "Anek idatzi dit zutaz"
honek gainditzen baitu aurreko emaria.
"Poz berri batera jaiotzen ari naiz, inoiz galdutako
ilusioagaz" dio Iñaki Aurrekoetxearen
letrak diskoko kanta batean. Nik uste hitz horiek laburtzen
dutela Mikelen diskoa. Pozak poza dakar, gorrotoak
aspertu egiten gaitu
Mikel
Urdangarinen taldeko partaideak:
Rafa
Rueda - kitarra elektrikoa
Bingen Mendizabal - bibolina
Nika Bitchiashvili - bibolina
Saihela - bateria
Koldo Uriarte - teklatua
Mikel Urdangarin - ahotsa eta kitarra
Kirmen
Uribe
|