Kontzertuak Audioa eta Videoa English Discografia Francais Español Hasiera Harremana eta Kontratazioa Bezeroak Denda Argazkiak Biografia
Diskografia - Zubia

Norberaren desioak, ametsak eta sentimendu barrukoenak gogorarazten dizkigunean, izendatu ezina izendatzea lortzen duenean, musikak errebelazio baten itxura hartzen du, eta orduan, hunkitu egiten gaitu. Zubia, Mikel Urdangarinen azken lanak, desira, begirada, nostalgia eta hasperenek osatzen duten mundu lanbrotsu hori argiztatu eta ikusgai bihurtzeko dohain berezia du, eta, ispilu baten antzera, norberaren burua erakusten dio entzuleari.


Zubia
diskoa izenburuak berak azaltzen duena da. Zubi bat eraiki du Mikel Urdangarinek eta dei egiten digu bestaldetik. Eskua luzatzen digu, zatoz, zubiaren bestaldean nago, esanaz. Zubiek herrien eta herritarren bizitzak aldatzen dituzte. Zubiek beste aldera pasatzeko gonbita egiten digute, baina ausardia behar da. Mikel Urdangarinen azken lanean inoiz zeharkatu ez diren zubiak edo gehiago zapalduko ez direnak agertzen dira, alde batetik besterako begirada urrunak, elkar bilatu arren inoiz elkartzen ez diren eskuak, galdutako aukerak, izan zitezkeen munduak eta ez direnak… Galerak sortzen duen mina, ahanzturak eragiten duen ezinegona, desamodioa, erretzen duten zauriak, esanahi handia duten esan gabeko hitzak, bidean galtzen diren maitasun aitorpenak, beldurrak, isiltasunak eta hutsuneak, gabeziak.

Baina testuetan ezinegona antzeman badaiteke ere, abestiek ez dute kexu kutsurik, ez dira hutsean botatako aieneak. Elkarrekin egindako hasperenak dira, bakarrik ez gaudela erakusten digutenak. Musika baltsamoa da, ukendua, mina baretzen digu, itxaropenez zipriztintzen gaitu. Bizitzaz betetako taupadak dira notak, baikortasuna kutsatzen duten sastada gozoak. Bai, Mikel Urdangarinen musikak zerura begiratu eta hodei zurien ibilbidea begiratzeko gogoa ematen digu, besoak gorantz luzatu eta, hego-haizeak ilea nahasten digun bitartean, abesten hasteko. Zubia diskoan parte hartu duten musikariek lortutako armoniak, kanta bakoitza belarrira xuxurlatzen digun Mikelen ahotsarekin batera, efektu lurruntsu bat sortzen dute, bizitzaren ertzak biguntzen dituen sfumato moduko bat, eta giro atmosferiko honek lasaitu egiten gaitu, kontsolatu, sehaskan kulunkatu. Lo dagoenaren gainean botatako izara leuna da Mikel Urdangarinen musika. Amets gozoak opa dizkio, kanpoan hotza eta euria egin arren.

                                                                                                     Karmele Jaio

Ahotsa eta guitarra: Mikel Urdangarin
Zazpi sokako biolina: Bingen Mendizabal
gitarra elektrikoa, banjoa, gitarra akustikoa (Karoline): Rafa Rueda
Bateria: Sahiela vivo en el acto
Pianoa y teklatuak: Koldo Uriarte
Biolina: Nika Bitchiashvili

KANTUAK

1-Hezurrak
2-Itzi geuntsan
3-Infinitua
4-Itzartu ez banintz
5-Bazoaz
6-Karoline
7-Zubia
8-Jone
9-Munduari begiratzeko modu bat
10- Katu baltzak

- Kantu guztien letrak eta musikak: Mikel Urdangarin, honakoak ezik:

"Itzi geuntsan": Unai Ituriaga.
"Infinitua": Karmele Jaio.
"Itzartu ez banintz": Kirmen Uribe eta Mikel  Urdangarin.
"Munduari begiratzeko modu bat": Kirmen Uribe.


© Copyright 2007, KAP PRODUKZIOAK  -  Hurtado de Amézaga, 27, 10º - Bilbao  -  Ohar Legala / Pribazitate Politika